XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bestela, legeen babespean dauden eta lanaren sari diren aberastasunak tiraniaren janari bihurtzen dira.

Ez dago askatasunik legeak baimentzen badu gizonak pertsona izateari uztea eta gauza bihurtzea, zenbaitetan gertatzen den bezala: orduan ikusiko duzue indartsua burubelarri saiatzen gorabehera zibilen matazan legeak bere alde jartzen dituen aukerak aurkitu nahian.

Aurkikuntza hau da hiritarrak zerbitzu-abere bihurtzen dituen sekretu magikoa, indartsuaren eskuan jarritako katea ezjakinak eta ahulak lotzeko.

Arrazoi honengatik, askatasun itxura ematen duten zenbait gobernutan, tirania ezkutuan dago, edo legegilearen edozein zirrikitutatik sartzen da ustekabean, eta konturatu orduko indarra hartu eta hazi egiten da.

Gizonek, normalean, ageriko tiraniaren aurka hormarik sendoenak jartzen dituzte, baina ez dute ikusten zomorro nimiñoa, poliki-poliki horma janez, ibai itotzaileari bide isila bezain segurua zabaltzen diona.

Nobleen zigorrak

Zeintzuk izango dira, bada, nobleen delituei dagozkien zigorrak, nazio gehienetako legeen zati handi bat hauen aldeko pribilegioek osatzen dutela jakinda?

Nik ez dut orain aztertuko ea nobleen eta herri xehearen arteko herentziazko bereizketa hori egokia den ala ez gobernu batean, edo beharrezkoa den monarkian; ezta egia denentz nobleziak erdiko botere bat osatzen duela, bi muturren gehiegikeriak mugatzen dituena; edota, litekeenagoa, bere buruaren eta besteren esklabo den gizatalde bat osatzen duela, konfiantza eta itxaropen isuri guztia esparru txiki batean gordetzen duena, Arabiako basamortu hareatsu ikaragarrietan nabarmentzen diren islatxo alai eta oparo horien antzera